MUGIMENA, HAURRAREN JARRERAREN OINARRIAN

miércoles, 26 de octubre de 2011

Arazo neuromotoreak dituzten haur txikien balorazioa



Haur bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere garapen erritmo propioa du. Izan ere, aurreko artikuluren baten aipatu dudan bezala, helduaren betebeharra, erritmo hau errespetatzea da. Baina, noiz hasi behar gara haurraren garapenaz arduratzen? Noiz pentsa dezakegu haur batek motrizitate arazoak izan ditzakeela? Zein da normaltasunaren eta atzerapen motorearen arteko muga?
Lourdes Macias Merlo eta Joaquin Fagoaga Mata haur fisioterapeutek "Fisioterapia en pediatría" liburuan esaten dutenez eta irakurri ahal izan dudanez, haurrek beraien adin kronologikoarekiko duten garapen maila aztertzeko, eskala ezberdinak erabiltzen dira. Hauen bitartez, eta aditu baten esku-hartzeari esker, limitazio funtzionalen bat dagoen edo ez, antzeman ahal izango da. Hauetariko froga batzuek, haurraren mugimen autonomoa aztertzen duten bitartean, beste batzuek, aztertzaileak eskatutako jarduera konkretuen aurrean, haurrak duen portaera aztertzen dute. Balorazio hauen emaitzak baliogarriak izango dira, haur batek izan dezakeen garapenaren atzerapena edo normaltasuna detektatzeko. Mota honetako balorazio edo frogak egin aurretik, garrantzitsua izango da haurraren jaio aurreko eta erditzeko momentuko historia medikua izatea, momentu hauek, bai neurologikoki bai garapenari dagokionez, momentu arriskutsuak izan baitaitezke haurrarentzako. Neuropediatra bat izango da beraz, kasu hauetan haurren azterketaz arduratuko dena. Gaur egun gehien erabiltzen diren eskalak; GMFM testa (motrizitate lodia neurtzeko) testa, Denver-en testa, Llevant-en garapen psikomotorea neurtzeko testa ... dira. Guzti hauetan, arreta, haurraren motrizitate finean, motrizitate lodian, arlo sozialean, adimen arloan, hizkuntza arloan eta gaitasun sentsorialetan jarriko da. Garrantzitsua da kontuan izatea hauetariko arloren baten atzerapenen bat izateak, ez duela, haurrak garapen edota motrizitate arazorik duenik zertan esan behar. Nerbio Sistemaren garapena haurraren lehenengo urtean zehar oraindik garatua ez dagoenez, lehenengo urte honetan, ezberdintasun handiak egotea haur batzuen eta besteen artean, guztiz normala da. Oso lan fina egin beharra dago, garapen geldo baten eta garapenaren atzerapen baten artean ezberdintzeko. Honi, haurraren testuinguruak, izaerak, ... izan dezakeen garrantzia gehitzen badiogu, haur batzuen eta besteen artean izugarrizko ezberdintasunak soma daitezke. Noiz arduratu beharra dugu haurraren garapenean zerbait guztiz ondo ez doala uste dugunean? Haurra geldoagoa da, edo atzeratuta doa? Zeintzuk dira alerta zeinuak? Hona hemen kontuan hartu beharreko adierazgarri batzuk, haurraren garapena ondo ez doala adieratzen dutenak:
  • Begi mugimendu anormalak egitea.
  • Gorputz jarrera anomaloak; buruaren hiperextentsioa, buruaren mugimendu errepikakorrak
  • Erreflexuak egon behar direnean, ez egotea
  • 4-6 hilabeteetatik aurrera, aldakako muskulu aduktoreetan gehiegizko tonua izatea.
  • 3-4 hilabetetatik aurrera, eskuko hatzamar lodia batuta izatea.
  • 6-8 hilabetetatik aurrera, eskuekin mugimendu errepikakorrak egitea
  • 9 hilabetetatik aurrera, desplazamendurako era autonomorik ez izatea. Katamarraren , bolteoaren, arrastearen, ... gabezia.
  • 12-14 hilabetetik aurrera, adurraren jarioak jarraitzea, edota gauza guztiak ahora eramatea.
  • 16 hilabetetatik aurrera, atentzioa finkatzeko zailtasuna
  • 24 hilabetetatik aurrera, joko sinbolikoa garatzeko ezintasuna


No hay comentarios:

Publicar un comentario